Munduan zehar tokian-tokiko musika eszenak aurki ditzakegu: Suedian Umeako hardcorea edo “Gotheborg-ko soinua”, Estatu Batuetan Tanpako death metala eta abar. Baina ez daukagu hain urrun joan beharrik horrelako eszena berezi bat aurkitzeko, ez baitugu ahaztu behar, bertan, bidasoa bailaran, geure eszena propio eta berezia ere aurki dezakegula.Izan ere, BAP!, Beti mugan, Dut, Lisabö edo Lif bezalako taldeek hasitako bideari azken aldian beste hainbat taldek eman diote erantzuna, beti ere, “Bidasoacore” ere izendatu izan den estiloan sakonduz. Gaurkoan aipatuko ditugun Küm eta Izaera taldeek, aurrekoek bezala hardcore soinuan oinarriturik, soinu korapilotsu eta dentsoak jorratzen dituzte, bakoitzaren nortasun propioa galdu gabe, hori bai.

Küm – Zure soslaia osatzen duten usain guztiek desorekatzen nautenean
Izen luze eta berezi honen atzean, gaurkoan hautatutako lehen taldearen lehenbiziko lana aurkitzen da. Bertan 8 abestiko bilduma aurki daiteke, pasa den urtean gehien harritu nauten euskal taldeetako bat delarik honakoa. Benetan lan borobil honen baitan, aipamen berezia merezi du Iñaki abeslariaren lanak, oihu agonikotik ahots melodikora esfortzu agerikorik gabe pasatzen baita eta benetan erregistro desberdin ugari erakusten baititu diskoan zehar. Horrez gain aipagarria da Karlos Txap-en eskutik diskoak jasotako produkzioa, gitarren soinu karakteristikoak nortasun berezia ematen baitio diskoari. Azkenik, diskaren diseñu paregabea aipatu beharrekoa iruditzen zait, lanari ginda jartzen diona. Hau guztia jaisteko klikatu ezkerreko irudian edota 5 euroren truk eska diezaiokezue beraien myspace-ean.
Izaera – Denbora_kaos
Izaera taldea agian, aurrekoa baino astun eta geldoagoa da, Neurosis bezalako taldeek transmititzen dituzten sentsazio ilunak gogorarazten dituena, zuzenean ikusi dituenak ondo daki hau. Onartu beharra dago onak direla egiten dutena egiten eta gaur egun horrelako soinua egiten duen talde euskaldun asko ere ez dagoela. Halere, nire ustez, eta hau nire iritzi pertsonala da, zuzenean erakusten duten maila diskan islatzea faltza zaie, oraindik duten dena eman ez duen promesa bat dira. Halere ez pentsa denbora_kaos hau diska txarra denik, ez horixe. Soinu ilunen bila dabilen entzulea asetzeko gai bada eta, besterik gabe, belarrietara musika on pixka bat eramateko gogoz dabilenak ere ez dut uste kexatzeko arrazoirik izango duenik. Azala klikatzea besterik ez duzue deskargatzeko.
Küm zuzenean
Izaera bideoklipa



bidasoa independiente!!!