
Oporrak iada iritsi dira baina horrek ez du esan nahi blog honek erritmoa geldotuko duenik printzipioz. Halere, gaurkoan ez daukat sekulako txapadarik idazteko gogorik, baliteke agian gaurkoan aukeratutako taldea saltzeko ez dagoelako asko saiatu beharrik.
Oceansize etiketatzerakoan ikusi dudan adjektibo bat “New Prog” da eta baliteke definitzeko modu on bat izatea. Rock progresiboaren barruan sar genitzake baina, aldi berean, Everyone into Position honetan influentzia desberdin asko nabari genitzake, joera matematiko zaratatsua Homage to Shame izugarrian edota post-rock-tzat kalifika genitzakeen pasarte lasai eta liluragarri batzuk Music for a Nurse abesti ezin hobean, esaterako. Aipatze berezia Ornament/The Last Wrongs abestitzarrari, diskoa isteko modu ezin hobea delarik.
Horrela ba, talde handi honek duen disko biribilena izan daitekeen hau goza dezazuen espero dut eta norbaitek disko oraindik lasaiago bat nahi badu, proba dezala Frames beraien azken disko bikainarekin. Eta bueno, taldea pixka bat gehiago saltzeko, hurrengo taldeen zaleentzat gomendagarria izan daitekeela esatea besterik ez zait gelditzen: Porcupine Tree, Dredg edota, zergatik ez, Muse.


